Ongietorri Zalantzak.eus -(e)ra, hemen galderak egin ahal izango dituzu eta komunitatearen beste erabiltzaileengandik erantzunak jasoko dituzu.

“Ez dut zertan egin” zuzena da?

0 boto
Galdera “Ez dut zertan egin” esapidearen inguruan zalantza handiak ditut. Nire ustez esapide hori okerra da eta euskaraz hori adierazteko modu egokiak honakoak dira: – Ez dut egin beharrik. – Ez dut zertan egin behar. Jakin badakit, edo hala uste dut behintzat, Euskaltzaindiak esan duela “Ez dut zertan egin” esapidea dela zuzena eta hori erabili behar dela. Maiz ahalegindu naiz arau hori aurkitzen Euskaltzaindiaren arauen artean, baina ez dut inoiz topatu. Euskaltzaindiak horren inguruan ematen dituen azalpen eta argudioak irakurri nahiko nituzke, arau horren zergatia ulertzen saiatzeko. Bidaliko zenidate, mesedez, arau horren esteka edo araua aurkitzeko argibiderik?
galdetuta Urt 31, 2016 EIBZren kontsulta (5,980 puntu) -(r)engatik

Erantzun 1

0 boto
Euskaltzaindiak bere gramatikan eman du horren azalpena. Hona hemen: c. Zertan, zeren eta zer izenordainak dituzten perpaus jokatugabeak (90) Ez dagok [zertan larritu], ez najok berialakuan arrapauko, buelta biterdiren bentajia jaroiat eta (San Martin, Zirikadak, 87). (91) Ez dago [zertan hasi nor gehiagokoan] (Mitxelena, Euskal Idazlan Guztiak, 60) (92) Tikiak badira eta tendriak (ilarrez arituz), ez duzu [zeren urik eman] (93) Haren nofraiaz geroz ez duzu [zeren gehiago deus ere iguriki] (Duvoisin, Telemake, 1. lib.) Adibide horien nolabaiteko parafrasia honelako zerbait litzateke: (90’) Ez dagok [zertan larritu] → ez dagok larritzeko arrazoirik (91’) Ez dago [zertan hasi nor gehiagokoan] → ez dago nor gehiagokoan hasteko arrazoirik edo beharrik (92’) ez duzu [zeren urik eman] → ez da urik emateko arrazoirik edo obligaziorik (93’) ez duzu [zeren gehiago deus ere iguriki] → ez duzu gehiago deus igurikitzeko arrazoirik. Iturria: EUSKAL GRAMATIKA-LEHEN URRATSAK-VII (PERPAUS JOKATUGABEAK), 410-11. or. Lagungarria izanen zaizulakoan, jaso gure agurrik beroena.
erantzunda Urt 31, 2016 EIBZren kontsulta (5,980 puntu) -(r)engatik
...